05 – Noiz arte

Borobilak ditu ertzak, zuriak beltzak nerean behintzat.
Zu konbentzitu nahian, ni konbentzituentzat.
Tanta bat gehiago naiz eta kito !
Errekatik heldu naiz ez naiz hilko,
itsasora heldu naiz ez naiz ito
meteorito bat naiz nerekiko.

Erran bost nahi lituzkeen bati zer den lau,
argi bete gau aski bete nau.
Sasi jakintsuen mundua da hau :
lehenago tabernan zeuden eta Twitterren gaur.

Jakizu, ez dira bi abisu
Ez naiz zu ni ez zira ni zu
Zenbat mezu pizu, zenbat kexu izu…
Arrazista zira baina ez dakizu.

Ez naiz Larramendi eta ez naiz Sabino
Zuentzat Ortuzar eta Florentino
Lauak betan, hedatzen naiz lau haizetan
ni bizi naiz gauaz eta Lauaxeta sinonimo.

Ttikitan beti erne,
euskaldun berri eta etorkin baten seme.
Bihurtu dut ene berme,
zortzi abizen nahibdituzu nik ez dut bat ere.

Kardiotik justu nabil eta ez dut korderik,
estu gorderik hitzik ez dut gorde nik.
Ez dut nahi exik orderik, ezik hoberik
ezin egin hobe nik.
Joko huntan ez dut doblerik, « exit » hor dek hik.
Entziklopedi hori etziko bedi
Ze dantza maiz…
Arantza bat naiz ez dut merezi lorerik

Ta ados, erradazu kaos honetan zergatik naizen etxean arrotz.
Lehen ahoz mintzo ziren segur eta orain buru makur datoz.
Hau maite dut merke, hau maite kario,
mertzenario horiei adio !
Gugatik ez zuten eginen pario
gaur nahi duzuna erran baina ez ez dugunik balio.

Emaitzik ez, bidea baizik.
Denborak erranen du zer ongi zer gaizki…
Maite nituenak joan zaizkit,
oinak ditudan lurrekoa naiz ni.

Ez badira egokiak ez ixo !
Ikusten ditut kopiak originalari so…
Hi txo txintxo ibili baina ez ixilik,
hilik nago ez banaiz mintzo.

Noiz arte ?
Errazu
Noiztik zenbat eta noiz arte ?
Zein arte izan behar den izateko parte ?
Errazu
Noiztik zenbat eta noiz arte ?
Neri utzi dizkidate leiho bat eta bi ate
Beraz noiz arte ?

04 – Erraten didate

Erraten didate segitzeko
Erraten diet ez daudela zai
Erraten didate gelditzeko
Erraten diet ez naizela gai
Erraten didate isiltzeko
Erraten diet ez dudala nahi
Ez dudala nahi…

Zer da aisia, zer da lana ? zer dakarrena, daramana ?
Nun hasten da oraina eta nun bukatzen da iragana ?
Banan bana kontatu banitu ez nukeen erditu daukadana.
Nagusiak agintzen du hemen baina astoak eramaten du zama.

Zer naiz zero edo artista malabarista ero
egunero bizi dena erdizka pista baten esperon.
Bista galtzeko prest klixkan egia ikusi ezkero,
aldizka potea ordaintzen bukatzen duena galtzen atera ta gero.

Astean ez dakit zenbat zehazki lanean aritu naizen egiazki
jada 24ak ez ziren aski, nik denda idekia zazpitik zazpi.
Goiz eta arrasti ez dira arras bi,
Pole enploik erran dit hola dela naski : 900€ ez direla gaizki !

Erraten didate segitzeko
Erraten diet ez daudela zai
Erraten didate gelditzeko
Erraten diet ez naizela gai
Erraten didate isiltzeko
Erraten diet ez dudala nahi
Ez dudala nahi…

Aldaera al da bera? Hau da kontzientzien aldagela.
Akabera maldan behera beti erdigunea bada bera.
Marketin panpin izan nadin ni ere ezin plegatu arauera
eta artea erosi nahi dute gordin saltzen duenaren arabera

Klase erdi hori ze klase ote da ? Kondenatua amets faltsu batera,
behin sartu eta ezin da atera ongi etorriak prekarietatera.
Ikusten ditut progreak exak ordeak bilete gordeak…
Gure kultura aberatsa da eta kulturgileak pobreak.

Nere kritika dator justiziz eta karrika bete poliziz
beti korrika ezin iritsiz nabil apika besteen iritziz.
Berdin orrika logika bitxiz eta neurrika errima bixiz
Zuen etika erdizka itxiz, herrika unea biziz.

Erraten didate segitzeko
Erraten diet ez daudela zai
Erraten didate gelditzeko
Erraten diet ez naizela gai
Erraten didate isiltzeko
Erraten diet ez dudala nahi
Ez dudala nahi…

03 – Erran zer duten

Ez nabil besteen lorratzetik nor dabil hor atzetik ?
Dastatu dut ketik, ez orratzetik.
Botatzetik partitzen da ez agenda jokatzetik
ezin da heldu tontorrera pasa gabe lokatzetik.

Ni miserian nabil erdian…
Nigan ez dut inoiz sinetsi zugan ere ez aspaldian.
Zaharra berrian nere neurrian
808 bat naiz tronpeten herrian.

Ze interes, ze banatze, ala gabiltza halaxe…
Uste zenuen libre zinela ala ze ?
Hitzak bitan, errimak lautan, mozten ditut dinA4tan
Itxi bi begiak gautan eta erran beltzak grisa daukan.

Ez da lur lauean surik,
ez erran ez duzunik gauean dudik
Luzean xutik baina trukean tutik,
lur ahantzitik heldu gira ez lur antzutik.

Erran zer duten, erran zer duten…
ulertzen ez nautenek badakite erantzuten.
Erran zer duten, erran zer duten…
Ulertzen nauten herrian ez da musika hau entzuten.

Denbora behar da loratzeko, ezina ahoratzeko,
egina baloratzeko, mina alboratzeko…
Jakina ez da berdina orain dudana kontatzeko
eta pasa zait adina ez naizenera jolasteko.

Ez dut asmatzen dramarik
Mingaina ez den labanik ba al da hemen daramanik ?
Ez Evarik, ez Adamik…
Hau ez genuen guk sortu baina honetan sortzen denbora daramat nik.

Xuriz janzten banaiz bitxi…
Zer nahi da lehenbizi etsai baten ihizi bat behar dute bizitzeko
bestela ez dira fitxik
Lasai ez zite izi, soilik nahi nuke bizi.

Ta beldurrez tira
erori naiz muturrez gibelera begira
nik daukadan apurrez jokatzen dut partida.
Jantzi nahi dute urrez ta plastikozkoak dira.

02 – Industria

Ez dut lekurik industrian…
Industriak ez du lekurik Alkimian…
Argia agonian,
iluna armonian,
hau da pasioa denbora guztian
eta puntu beltz bat zuen eguzkian.

Ez naiz eliteko horien epizentro libre nahi dudana egiteko,
nere gerizpeko kantak erditzeko nahiago dut izan hitzeko.
Hazia goizegi landatu genuen eta gero berandu zen biltzeko.
Zerotik hasteko beranduegi da baina oino goizegi hiltzeko.

Beraz eman dut eman ta jaso, zintzotasuna izan dut arazo,
paso egiten badakit akaso, ez naiz bihar hilko ez nintzen sortu atzo.
Ez dakit nahi gabe nahita… ai !
Airean dabiltza hamaika xai,
zurekin nahi nauzu agian bai,
zuretzat nahi nauzu, ez zaitut nahi !

Usai berak ez ote ditu jeiki ?
Bisai berak ikusten ditut beti…
Aditu ditut hamaika olerki, batzuk isilik baleude hobeki.
Paretak haustera etorri gira guri ez zaigu aterik ideki.

Ez ! Ez dugu lekurik zuen industrian…
Ez ! Industriak ez du lekurik Alkimian…
Argia agonian,
iluna armonian,
hau da pasioa denbora guztian
eta puntu beltz bat zuen eguzkian.

Ikusten ditut tratuak adosten, lagunak eta bisitak erosten…
Daukazun abailak nun ditu abantailak errex da atzean egoten.
Ene errima sailak ez dira hain zailak baina ez dira sartzen Tik Token.

Beste baterako zuen erako batzuk datozenerako,
musika ez zait begitik sartzen sosa ez zait belarritik aterako.
Txeke eta bilete horiez ez naiz bete, maiz lagunen hitza izan dut aterpe.
Bestea epaitzea ez balego hain merke herri hau aspaldi pobrea liteke.

Inguruan zenbat putre… Banan bana botako nituzke.
Zergatik hemen inork ez du deus erraten asko pentsatzen badute ?
Anitzek erran eta bati begira, zuk nigan ez proiektatu desira.
Iritsi gira ertzetik erdira nerean mitoak aspaldi hil dira.

Hau da rapa lur azpiko zola
Hau da taka zango artetik gola
Lehen nola nehola ezin zenez hola besteen usteak bost axola,
zuenean ikasle txarrak ginen eta eraiki dugu gure eskola.

01 – ESAERAK

Iluna maitatzeaz galdu naiz neu ia,
hego haizea gauez egunez euria.
Usu gertatzen zait mihia ezin eutsia :
itxia den ahoan ez da sartzen eulia.

Eskeinidazu zer edan ez aparrak neri.
Zeru eder bat zaigu eman ta izarrak eri.
Aitatxik erraiten zidan hortik har’ak beti,
nik oraina dut iragan eta zaharrak berri.

Jan dut aski basa ta lasto…
Kopia anitz daude baina zenbat egiazko ?
Etxe hutsak hauts asko ta nik ausazko
zerbait nahiago dut astelehen oro ez da pazko.

Pobreak huts du moltsa eta betea bihotza.
Nahi dut bizi luzea eta heriotz motza.
Hurbil izan dut poltsa, udan pasa dut hotza…
baina ogi gogorrari hagin zorrotza.

Bihurtu nintzen ebaki zati amorruz basati,
doluak zenbat dirauen ezin erabaki.
Noiz helduko den orena ezkilak soilik daki :
Lurretik heldu dena berriz lurrerat joaki.

Handiek nahi dutena, ttikiak ahal duena,
boterea dirua da eta dirua sistema.
Jainkoak laguntzen al du berant lokartzen dena ?
Ni berandu heldu nintzen ta behin pasatzen da trena.

Ez naiz neguan beldur etxean bada egur,
lagunak eta ardoa zaharrak hobeak segur.
Ta zerua bada lur traizioeri agur,
hemen gezurrak zainak labur.

Gibelak antza erakusten du aitzina nola dantza,
nik ez dakit dantzatzen ez da galtzen esperantza.
Ez da berdina ongi egina ta xantza
behin bakarrik hausten dira berina ta konfiantza.

Noraezean nabil maiz ni noraezean :
amarik ez eta haur bat dut ene babesean…
Asto gainean noa zaldirik ezean
joandako urak indarrik ez du gure etxean.

Gaur eguzki bihar laino, gehio mintzen nau oraino
lagunen inbidiak etsaien gorrotoak baino,
Ez dut kontseilurik ematen har dezaten
eta errenak ari zaizkit nola ibili erraten.

Mila arazo izaki zaila da jakiten…
Saguak beti daki zilotik nola irten.
Harriak ez du begirik baina maiz hobe jaurtirik
nahiz eta bakar batekin ez den pareta egiten.

Sarea eta pantaila nolako maila,
norbere azala errex besteen larrua zaila.
Bizi naiz freestyleatzen eta rapeatzen
ikasi dut bizitza ez dela freestylea.

Hemen edo han, nonahi nahiko lan,
karrika zer den ez da inoiz ikasi eskolan.
Aski errauts ez denez ene barne zolan
zigarreta bat piztu dut lastozko etxolan.

Gauetan oheratzean datoz joaz penak,
badakit goxo hartzean hobe goaz denak
eta orain gogoratzean datozenak, doazenak,
barkua ondoratzean arratoiak doaz lehenak.

Ahantzi gira lehengo usaiez…
Ahantzi arrebaz anaiez…
Eta anitz dabil nahi ta nahi ez
mundu huntan ezin bizi eta bestera joan nahi ez.

Esaerak esaerak…
Nun sarraskia han xaiak.
Esaerak
Esaerak esaerak…
Ene lagunen etsaiak.
Esaerak
Esaerak esaerak…
Lehengoak dira usaiak.
Esaerak
Esaerak esaerak…
Aldatu dira garaiak.
Esaerak