Ondoan

Hasten naiz kantari eta hariz hariz ikusten ditut hitzak harilkartzen ari
nagi nintzen garaietan nik ere haietan gerizpe bat izan dut opari
Nik odola ez dut beti garbi
Baina hola ikusten dut argi
Badakigu biok
Zerbait zor badut zor diot bizitza eman didanari

Eta nik nerez urteen nekez barneko xedez besteen legeez hain modu trebez
ene interesez nik egin dut ihes
Dena aldrebes dakusadanez badakit berez ez dela errex
Gorroto nautenek ez naute ezagutzen maite nauzuenek ere ez

Hautsak gauzak harrotzen ditu barne iraultzak
Pausak beharrezkoak dira ukitzen bazaitu kausak
Lanabesak ta babesa eman dizkit doluaren artisautzak
Ororen kronologia hori da: egurra sua ta errautsak

Hezi naute eta hazi naiz ta badut zer ikasi
gezi bat bi mazel gazi hesi bat ta nundik hasi
Bildu dut hau gainditzeko aina hau da biziaren metafora
Salto egitera noa baina ez dakit behera edo gora

Batzutan ez dakit zer dudan gogoan
Besteetan ez dakit nor dudan ondoan
Ta nola jakin nor dudan begira?
Batzuk ez dira hil eta joan dira
Besteak hil dira baina ez dira joan

Noizbait eman dut nik pena
ez naiz lehen nintzena nonbait
nornahik sartu dit eztena batzutan ez dena baita norbait
Nor naiz galdetuz aurrena erantzun zuzena zor zait
Errazu nor zaren berdin zait izena
Torizu barrena kanpoan ez dut nehor zai

Barna askatzeko uzten dut aztarna
Alarma pizten dute baina pikutara hoien big pharma
Hamarna pikura baino nahiago testu baten xarma
Ez naiz joan ospitaleraino musika baitut sendatzeko arma

Ikusirik nola dabiltzan epaitzen ene esku da nola ikus nahi naizen
Hankek ez badute bidea jarraitzen nahiago dut hasi zeruan sustraitzen
Ama galduz aita joan zen
Bista blaitzen hasi baitzen
Biziaren mailuak jo nau baina saiatzen naiz ez epaitzen

Dena ez da borobila, marrazoak datoz odol bila
Arazoak izan ditut pila hara soak luzatzen nabila
Ai gaixoak ez naiz hain abila
Ain gaixtoak ez zarete mila
Baina aiztoak zauritzen banau ni garbitu nadila

Batzutan ez dakit zer dudan gogoan
Besteetan ez dakit nor dudan ondoan
Ta nola jakin nor dudan begira?
Batzuk ez dira hil eta joan dira
Besteak hil dira baina ez dira joan

Zer nahi genuen

Zer nahi genuen ? Denetarik.
Zer izan dugu ? Erein ta bil.
Ze izanen dugu ? heren bat hil.
Zer nahi genuen ?

Ez dut nahi ustelik jada ez dut usterik urtetan ez nuen uste nik.
Geronen kontrola, geronen kaiola, geronek sortuko genuenik.
Guzia dakusat laino, nola heldu gira honaino ?
Etsaien lagun bilakatu gara lagunak etsai bihurtzeraino.

Karriketatik goaz mesfidati eta errua beti beste bati,
ezkerrera edo eskuinera joan GPS gabe ezin erabaki.
Karrikan zehar mikrorik ez da behar bakoitzak berea daramaki.
zer da errealitatea fikziorik gabe inork bizitzen ez badaki ?

Zuria ala beltza, larrosa ala asuna,
zein erraz itzali diguten kritikarako gaitasuna.
Osasuna, nahi duzuna saldu zaidazu laguna.
baina beldurrak itsutu gaitu ta ikusten dugu berak nahi duna.

Lehen nola orai pasa ta gero ai kontraesanetan egon hai.
Jendeak zer nahi du, gehiago ematen zaigu ez baitugu guttio nahi.
Elkarrizketan manuak nornahik, karriketan mamuak nonhai,
txarrena onartzera iritsi gara gure ustezko egun hobeen zai.

Zenbat lobby dauden lodi…
Haiek tori zu erori…
Ta berdina edonori
zer da hoiengandik nahi duzuen hori?

Jokoa ez da zuzena bate baina fini da xake mate,
izan nahi baduzu zuk honen parte obedi ezazu puntu ta aparte.
Aski kate, aski kalte ezarri zaigu gaur arte.
Geldi dadin isiltzen gira baina isiltzen girelako segi dezake.

Ez dugu besteekin bizi nahi baina ezin dugu bakarrik bizi,
jada poliziarik ez dugu behar gu geu gira geure polizi.
Balkoktan daude epaileak, sareetan lekzio emaileak,
atzoko errebeldeak dira gaur dugun sistemaren bultzatzaileak.

Zuentzat jolas baloia, zuentzat diru taloiak,
zuen belardian jolastea baino nahiago basa ta lohia.
Beti mugan, beti dudan… ez al betikoa gugan ?
Abstentzioaren demokrazioak asumitutako diktaduran.

Gizarte bat bi taldetan,
hutsuneak bi aldetan…
Oin hotzak ur beroetan
ta gainekoak irriz bulegoetan.

Egunez egun, aroz aro globoari so nago
mago sentitu nahi nuke baina ez dut uste naizenik ezer gehiago,
akabo harago joan nahi dut baina ez naiz nik nahi aina ezin marra igaro…
Inoizko gizaki gehien gaude ta inoizko gizatasun gutxien dago

Periferiak

Ez al da gauza ikaragarria
gure erregela
Ez al duzu uste denik larria
hola banatzea pastela
Ahazten gaituzte ez da berria
badakigu dakitela
Iduri luke Euskal Herria
Bidasoan bukatzen dela

Etikaz musikaz eta politikaz aritzen dira ardi larruz jantzirik
Handikerietan ttikien hitzak maiz ez du izaten garrantzirik
Aspalditik euria ari du
Zer gira ari gu
Ongi dakigu Euskal Herriaz mintzo zaizkigu
zazpitatik hiru ahantzirik

Ei ei zergatik bi alde
Denei egin al digute galde
Zer da iparralde
Hiru lurralde daude
Orotara zazpi ala sei ?
Nork ditu mugak ebatzi
marrak idatzi galdegin gabe
Estereotipoz ez jantzi
Ez zazu ahantzi hemen « Frantzin » ez zaude

Ardurez harago airera doaz balak
Argiak baino gehiago erraten du itzalak
Gaurkoak lehengoak, zatiketazkoak, ofizialak
baina ez al dira handiagoak ditugun muga menatalak ?

ETB-ri begira aski argi da nun jotzen den partida
teleberrian gure hauteskundeak laugarren albistea dira
Oldartu onartu baino
Nola heldu naiz ni honaino
Hegozentrismo hitza h-rekin idazteraino

Erdigunean begiak
bazterrak eta hegiak
ttikiak ttikiegiak
mintza daitezela

Zergatik ditugu erdigunean begiak
Ahazten ditugu bazterrak eta hegiak
Zer ote gira gu ttikiak ttikiegiak
Ez denez berandu mintza daitezela periferiak

Ezagutzean korronte orokorra
hartu bide zidorra
izanagatik sendoa gogorra
adarrik ez badu hutsik da enborra
Ea, e ! ez da derrigorra
EAE izatea zilborra
Ez zenuten ahantziko horra
Nafarroarekiko dugun zorra

Gure korapilotan gu borrokan
hain modu prekariotan
ez dira gutti lotan gu zilotan
Hau ezin da utzi hortan
Ulertzera iritsi nahi dut lehenbizi gu zergatik bi mundutan bizi
Aurreiritzi itxi hoiei hobe zaie atea itxi

Gauzak aldatzen dira mantso
Gaur ta atzo
Jaso dugunetik eraiki gira
Begira nola ez egin paso
Ustezko euskaldunek ere deitu izan naute gabatxo

Hoiek erkidetik gu gure erpinetik ez goaz bide berdinetik
Izan ekinetik nola ezinetik egiten dugu girenetik
Hoien aldetik, hoien taldetik, baztertu gintuzten estalpetik
Eguzkia baino gehiago ateratzen ari da ekialdetik

Erdigunean begiak
bazterrak eta hegiak
ttikiak ttikiegiak
mintza daitezela

Zergatik ditugu erdigunean begiak
Ahazten ditugu bazterrak eta hegiak
Zer ote gira gu ttikiak ttikiegiak
Ez denez berandu mintza daitezela periferiak

Heda ditzagun mezuak ta kantak
errealitate ezberdinen mapak
ez nau kezkatzen iritzien talkak
ni kezkatzen nau ezagutza faltak
Ireki begiak
aldatu ditzagun ikuspegiak
hitz berriak behar ditu hiztegiak
mintza daitezela periferiak

Barkatu

Erraten badut barkatu
sentitzen ditudan hitzekin
ezin naiz gehio korapilatu.
Nahiago zintzoki hitz egin,
ene hitzak ez bilatu,
gibelera begiratu
ene aitzina argi dadin.

Barkaidazu ama nere iragana ezin dut aldatu gerora.
Orain banan bana datozkit nigana pasatakoen metaforak :
goxoki joan zure ondora, beso artean nadin hondora…
Heriok itzuliko al digu bizitzak ebatsi zigun denbora ?

Barkaidazu aita ez dut egin nahita baina maiz sentitu dut lotsa.
Ene etxekoa ta bihotzekoa zergatik egin zait arrotza ?
Amaren heriotzaren osteko gerra hotzak
erakutsi zidan zentzu guzietan ideki zaizula bihotza.

Barkaidazu anaia, ttiki ginen garaian
ibili banintzen ene lekua atxeman nahian,
Inoiz izan dituzun dudak sortu badizkizut,
eskaini didazunetik zerbait kendu badizut…

Ta zuk ni, ta nik zu… ta guk ni, ta nik gu…
Lehen minen gatibu izanagatik gu,
ederki dakigu dolua darigu,
baina uzten badigu hemen maitasuna ari du.

Barkatu arreba badakit topera ditugula gure plangintzak.
Aitzakia bera uztea hobe da ez baditut jarri baldintzak.
Ekarri bezala eraman ditzala hain zerbitzala den bizitzak
gure gardentasunak ekarri dizkigun momentu grisak.

Abuelak abuelo darama ta aititek berriz amama
Joan zineten banan bana, itzuli nahi dut zuengana.
Ta usu dolu dut garai batzuk haur gisa bizi izana…
Milesker etorkizuna eta barkatu iragana.

Barkamena eskertzen da nun eta ez den meza,
damuen alde ona aztertzen naiz egona
ta iritsi naiz hona. Ez da zaila ez errexa.
Hutsaren ondotik ezin da heldu ezereza.

Erraten badut barkatu
sentitzen ditudan hitzekin
ezin naiz gehio korapilatu.
Nahiago zintzoki hitz egin,
ene hitzak ez bilatu,
gibelera begiratu
ene aitzina argi dadin.

Ni eta bera

Ni eta bera, bera eta ni, ni eta nere kerak, kerak eta ni ni eta nere erak, aukerak…

Beste egun bat topera, noiz joko du hobera gauez ohera sartu ta lokartzea hobe da.
Ikusiz egoera ez dakit zuk mirailan bi ikusten ditut bestea nor ote da?

Ez dudala hartzen arriskurik ? Bai zera ! Aitzera heldu naiz ene kontrako txisturik…
Ilunpetan idazten dut hontan sinisturik, gainera, argia pizturik lo egiten dut, zeba?

Listurik ez dut gastatzen. Gainbehera egitean gau bat osatzen dute goiz bik
jakin nahi nuke noiztik begiratzen nauten goitik behera…
Hemendik goiti, nik hautatzen dut soilik manera.

Erantzun bat izate aldera asmatzen dut galdera,
haizea alde da, ai ze aldera joan behar dut ene burua zaintzera ?
Norberak bere urratsa, ez gira jin lokatza apaintzera !

Ze ibilera  bileraz-bilera, euroa, libera… libera gaitzeke,
Luzaten doa pole emploiko ilera, sentitzen naiz minbera :
gaur bera ez da ni baina agian bihar naiz ni bera.

Ez al da akabera ? kamera artean karrera ikusten dut nork gehiago bete kartera…
Ados, kalera zatoz ondoko kafera, biak partekatzen ditut : mahaina ta baxera
ta prest dut lehen platera :
Zenbat aurreikuspen ez dut hozten uzten aurreikusten dut plazera.
Arkatza ta papera ia nere parte da, dena batera atera nahi nuke, zatoz lerro artera !

Sartu nahi nuke barnera, berriz hamaika barrera.
Behin igarota sarrera zein da zai dudan harrera ?
Borondatea ta jarrera hartu, sakelean sartu, oldartu ta aurrera.

Euskalduntasunaz entzun dut dut aski ta sobera,
ez dakit konprenitzen den ene kolera…
Ahaidetasuna ez dut laburbiltzen odolera,
familia bat dut ta denek ez dugu odol bera.

Begiak legera erdera lege da… Ahazten diren hiru lurralde ez daude alegera…
Galerak eraman nau burua galtzera, batzuen antzera ez nator fikzioa saltzera.

Joan zaizkit zenbait oren,
gorenetan goren sentitzen nintzen eta horren ondoren amildu naiz behera.
Hola naiz ni , usu gaitz bi heldu zaizkit eta gaizki jaikitzeko txikitatik nahikoa dut bat bera.

Hasten den oro doa bukatzera…
Anitz heldu zaizkit ene lana ukatzera.
Ados, kritika egin duzu polita, ezarri bita, tita, ea bitan nork egiten dun atzera !

Ni eta bera, bera eta ni, ni eta nere kerak, kerak eta ni ni eta nere erak, aukerak…

Zinez

Hainbeste rapero matxito eta bero ikusten ditut egunero
ero bilakatzeraino eta ni laino baten oraino bizi naiz edo
Jokoan hunki nahi bada gero
edukiz eta errukiz zero
hau ez nuen espero
horren ipar gutti ta hainbeste Ego

Orroka hastea da haien porrota
ahantzi bezate oilarren borroka
lerrotan pausatzen dut ene erronka
usu nabil joka baina nere kontra
Neri ez zait egoki nota
nahiago ez erori hortan
ze eredu ze toki mota
Redbull eta skyrock-i boikota

Hater, master,
ez naiz izanen hoien maizter
Laster bazter baten geldituko dira eta zer ?
Manager anker alfer hoiekin ez dut hartuko plazer
Halaber seme alaber honek ez dizkie beteko bi plater

Ez ote dute entzuten deia
holakorik entzun al zuten deia
eia eia bi mila ta hogeiak
gainditu al ditu ditugun ideiak
neurtzen ez diten entseia
zein den bata eta zein seia
Kultura eskura heldu da
eta jomuga ez da lehia

Ardurak eskatzen
kulturak ez al ditu kezkatzen
loturak eratzen
ohiturak ez al dira geratzen
Hala bazen ala ez bazen
ez Sgae ta ez Sacem
Ez dute esku librerik galtzen
nik ez dut eskubiderik saltzen

Behin jarritako etiketa bik
nahasi naute metriketan ni
Ez dut nahi etiketarik
ez dut edaten hoien etiketatik
Ta tik tak tik doaz orratzak
badakit zer den lokatza
haatik ene lorratza
uzten dut ez galtzeko norantza

EEstu sentitzen naiz besterik ez dut
Prestu egotea ez da ene esku
Amestuz abestu dut ez naiz babestu
aurkeztu naiz ta ez dut epairik aurreztu

Ez gaitezen izi
baina ikus liteke aski nabarmen
Ideien ihizi
bat bizi dugu eta guztiok amen
Askatasun krisi baten gira bizi
Hemen ez da jokatzen garden
Galdegin Hasel eta Freeze-i rapeatzea libre al den

Ekin, lotu
huts egin, lortu
Ezin zigortu
ez ginen isilik egoteko sortu
Bidea eginez gogoz ta ekinez autoekoizpenaren bidez
Musikaren businness hori ekidinez posible da
zinez

Jaso eman

Dena hasi zen hamabi urteko haur baten inozentziatik.
Ene bakea ateratzen nuen hitzaren biolentziatik.
Eman nahi nion bitatik,
egiten nuen nigatik…
Jaso dudanaren laurdena ematen badut pozik noa ni haatik.

Hoien ligatik ihes egin nuen alferrik dira Top Tenak.
Orenak igaro ditut berdin zait zein diren hoientzat onenak.
Omenak heien buruari,
ordenak kanpo munduari.
Nora noan ez dut hain argi baina ez dit ihes egingo trenak.

Mantendu ala aldendu…
Ez kendu ala hartzen dut…
Hilik nahi nauzue aizue ez naiz oino zendu !
Lausenguz lausengu ez naiz ibili
hamaika lili erabili dituzte nahiz ta gero ximeldu.

Sare tipo patetiko hoiekin ez dut bat egingo,
arketipo batek ito ditu ta bizi dira berarekiko.
Ni ez naute beraiek hilko,
erran arte erraiek kito,
jada ez dakit nork duen egia ta zer bilakatu zaien mito.

Eraso ezkero gaur’e nik eginen diet aurre,
ateraiak ditut lau eh ! ta ez dira izan cum laude.
Herri hau ez bada ene toki « ØDEI zeren zai zaude ? »
Ez dut tiro egiten gratuitoki balak garesti daude.

Zurien artean beti gris,
hitz hutsal oro dakusat hits,
anitzek ez luke eginen hitz debalde debalde errana ordaintzen balitz.
Egurtzen nautenek ez naute beldurtzen, hala izanen zela segur zen,
jin zaitezte nigana banan bana ez bainaiz hasiko neurtzen.

Ei o ! Begiak ditut erakusleiho.
Barkatu lagunak maiz isiltasunak dio hitz askok baino gehio.
Berinetan lurruna,
begirada zurruna,
besarkada leguna…
berriz ni naiz laguna !

Zuhaitzak landatu nahi ditut nahiz ta fruiturik ez bildu,
kikildu izan naute ta orain ezin naiz isildu.
Umil gu genbiltzan,
amildu gaituzte,
berdin du zer gisan
hurbildu nahi dute.

Mintzo zaizkit batzuen klip bateko klik kantitatez,
jolasetik bizi naiz ni, jokoaz ez dakit batez.
Anabasa jasan kritika jasaz bete da plaza
harrokeriaz ez pasa noiztik masa elikatzen da kalitatez ?

Bakoitzak bere bideak, bere ideak,
familia, rapa ta euskara dira ene eremu libreak.
Askok galdetzen du zer zen,
hasiak gira gu lehertzen,
berdin zait ulertzen ez baldin banaute nik ere ez ditut ulertzen.

Jaso, eman, eman, jaso,
hoien eran erran paso,
gerran hegan zenbat lazo
baina ileran denak mantso.
Saihestua, babestua… denetarik pasa da txo !
Gaur prestua da jestua baina eskua ukatzen atzo.

Harri salda

Aste huntako Harri Saldan : Odei Barroso raplaria apirilaren 22an plazaratzen duen bere lehen bakarkako lana aurkeztera jin zaigu; Buru Beltz Fest metal musika festibalaren antolatzaileak diren Iban Falxa eta Mikel Gastambide ere hor genituen (Flash info bereziak lagun). Marko sekulan baino inspiratuagoa hurbildu zaigu Harri Saldara ere.

Continue reading “Harri salda”